Albisteak

Iruñeak hartuko du, heldu den urrian, nazioarteko biltzar bat Gotorleku Ondarearen kudeaketa eta garapen jasangarriari buruz

02_04_2014_3429_Congreso_FORTIUS_eng-r2

Kondestablearen etxe-jauregian eginen dute, 2014ko urriaren 15etik 17ra, Gotorleku Ondarea: Kudeaketa eta Garapen Jasangarria nazioarteko biltzarra. Nazioarteko zenbait adituk aukera izanen dute beren esperientziak partekatzeko, tekniken eta metodologien berri elkarri emateko eta munduko hiri askoren identitate-zeinua den ondare militarraren kontserbazioaren eta kudeaketaren inguruko gaiak eztabaidatzeko.  Biltzarra honako hauei zuzentzen zaie: hiriaren eta ondarearen esparruko ikerlariak, arkitektoak, hirigileak, paisajistak, historialariak, soziologoak, ekonomistak, administrazio publikoetako langileak, etab.

 

Kongresuak hiru saio-mota izanen ditu ardatz: sei saio magistral, adituen sei mahai-inguru eta ondoko eztabaidak, eta 90 minutu dirauten aldi bereko hainbat saio, non hainbat komunikazio labur aurkeztuko diren. Parte-hartzaileek jarduera-plangintza bat ere gauzatuko dute: hiriko gotorlekuetako gune adierazgarrienak bisitatuko dituzte, hala nola Ziudadela, gotorleku-multzoa eta Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentroa.

 

Iruñeko eta Baionako udalek gotorlekuen ondarea jendartean hedatzeko eta erakundeen arteko elkarlana sustatzeko hainbat jarduera bideratu dituzte FORTIUS proiektuaren barruan, eta biltzar hau jarduera horietako bat da. Europako Batasunak diruz laguntzen ditu jarduera horiek, Pirinioetako Lan Elkartearen POCTEFA Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde mailako Lankidetzaren Programa Eragilearen barnean.

 

http://congress.fortiuspamplonabayonne.eu

 

Biltzarra urriaren 15etik 17ra bitarte izanen da, eta lan-jardunaldi bakoitzean gai bati helduko diote: Monumentu militarra, Monumentua eta hiri-eskala eta Monumentua aukera gisara. Hiru gai handi horiek, bestalde, zortzi ardatzetan banatzen dira. Lehen egunean honako hauei helduko diete: kontserbazioa eta zaharberritzea (1), kudeaketa-plangintzak (2) eta gobernantza, segurtasuna eta irisgarritasuna (3).

 

Bigarren jardunaldian, aztergai hartuko dituzte gotorlekuen berrerabilera eta jasangarritasun sozial eta ekonomikoa (4) eta, horrez gain, ondare militarraren inguruko paisajismoa, iraunaraztea eta antolamendua (5). Azkenik, biltzarraren azken egunean hizpide hartuko dituzte finantzaketa eta fundazioen zein boluntarioen zeregina (6), komunikazioa, marketina eta branding-a (7), eta balorizazioa, hezkuntzari, kulturari eta turismoari begira (8).

 

« Volver