Glosarioa

A

Albotik eraso egin

Norberaren gotorlekuaren alboak defendatzea. Arerioaren alboei mehatxu egitea. Gaztelu, bastioI, mendi edo halako leku batean egotea hiria edo gotorlekua mendean hartuta; hau da, artilleriarekin haraino iristeko moduan, su gurutzatua edo zeharkakoa eginez gero.

 

Apareju

Eraikuntzako materialak fabrika batean erabiltzeko modua (harmokor lana, harlandua, harlanduxka, adreiluak edo beste edozein elementu material). Hauek dira, besteak beste, erabiltzeko moduak: luzeka, zeharka, luzeka eta zeharka, zehar-saiheska.

 

Arima

Artilleriako piezetan, eta, oro har, su-arma guztietan, kanoiaren zuloa.

 

Arima marraduna

Artilleria piezetan eta, oro har, su arma guztietan, estria helikoidalak dituen kanoi zuloa, armaren irispidea handiagotzeko.

 

Arma joko

Artilleriako bateria baten elementu osagarriak.

 

Arma patio

Aire zabaleko eremua, harresi baten barnealdean; tropen erreleboa edo prestakuntza egiteko erabiltzen zen. Arma patioaren beheragoko maila batean “albacara” egon ahal zen, helburu bera zuena.

 

Arsenala

Armak eta beste gerra-errekaitu batzuk biltzeko gordetegi edo biltegi nagusia.

 

ArtilleriA

Tamaina handiko jaurtigaiak bultzagarritzat lehergai karga bat erabiliz distantzia handitara botatzeko diren gerra armen multzoa.

 

Atzekarga

Atzealdetik kargatzen den su-arma (mekanismoaren beheko aldean, ez su-ahotik).

 

Aurrealde

Alboko normen muturretatik elkartzen diren horma-ataletako bakoitza; bat egiten duten tokian bastioia ixten da, eta bere angelua sortzen da.

B

Baluarte

Pentagono itxurako gotorleku-obra, bi horma-atalek bat egiten duten tokian irtena egoten dena. Honako hauek osatzen dute: angelu irtena egiten duten bi alde, hormari atxikitzeko bi albo eta sartzeko gola bat.

 

Banketa

Lur edo horma lan bat, banku korrituaren antzerakoa. Horretara arrapala baten bidez igotzen da gotorleku baten barnealdetik, eta bertan soldaduak bi lerrotan kokatzeko adinako zabalera du; horma, parapeto edo harresi baten atzean sorbaldaraino babestuta gelditzen dira.

 

Barruti

Ikus cinto.

 

Bastioi

Ikus baluarte.

 

Bastioi alde

Bastioiko angelu alboduna osatzen duten bi planoetako bakoitza.

 

Bastioi angelu

Bastioiaren aldeak bere hegalarekin osatutakoa.

 

Bastioi albo

Gotorleku baten alde bat, edo horren ondo-ondoan dagoen alboko zona. Horma-atalarekin angelu sartua eta aurrealdearekin angelu irtena egiten duen bastioiaren atala. Bastioi bateko aldeak gotorlekuarekin lotzen dituen hormetako bakoitza.

 

Bateria

Artilleriako pieza multzoa, tiro egiteko prest dagoena. Artilleriako tiro-unitatea, normalean kapitain bat buru zuena. Pieza gutxi batzuek eta horien artilleroek osatzen dute.

 

Batir

Eraso egin eta eraitsi artilleria erabiliz.

 

Behatoki

Kanoi-zuloen arteko muinoa; horretara igotzen zen piezako burua, tiroaren norabidea zehazki adierazteko (kanoiak egonez gero).

 

Bide estali

Gotorlekuen obretan lubanarroa inguratu eta defendatzen duen lubeta, bertatik ibiltzeko eta zelatatzeko. Bere luzeran banketa bat du, eta horretatik zaindariek tiro egin dezakete glazisaren gainetik, hori parapeto bezala baliatuta.

 

Bizkarralde

Angelu irtena, bastioi bateko aurreko aldeak eta albo-aldeak osatutakoa. Bastioi batek bi bizkarralde ditu.

 

Bolborategi

Bolbora edo beste lehergailu batzuk gordetzeko lekua edo eraikina.

 

Burdin sare

Oholesi, burdin hesi edo burdinazko atea, gotorleku bateko atea edo beste pieza zein zati batzuk defendatzen zituena. Txinparta-armen giltzek zuten altzairuzko pieza marraduna, suharriaren aurka talka egin ondoren, cazoleta delakoari sua ematen ziona.

 

Burgu

Erdi Aroan, noble feudalek eraikitako gotorlekua, bere jurisdikzioko lurraldeak zaintzeko; bertan merkatariak, artisauak, eta abar bizi tiren. Burgua Erdi Aroko hiri askoren jatorria da.

C

Camisa

Erdi Aroko gotorlekuetan, dorre nagusia baino baxuagoa den harresia, hori estali eta babesten duena. Gotorleku modernoetan, harmokorrezko horm pilastradunen bidez lurrezko lubetak estaltzea; azken estaldura harlanduz egiten da.

 

Caponera

Gotorleku obra; garal batean borrokalekua zen, hormetan gezi-leihoak eta kanoi-zuloak zituena lubanarroaren sakonera berean, hori defendatzeko. Gaur egun izen hori ematen zaio gotorlekuaren gorputzeko hainbat lekutan kokatutako galeria edo kasamata bati, lubanarro bat edo batzuk igarotzeko.

 

Cerca

Hiriko harresiaren sinonimo zaharra.

 

Cinto

Harresia, adreiluzko horma edo pareta, gotorleku bat kanpoaldetik babesteko egina. Altua izan behar du, erasotzaileak erran igo ez daitezen bertatik, baita sendoa ere, horien eraso metodo guztiei eusteko modukoa. Harresien muturrak elkartu eta ixten bada, harresi-barrutia deitzen da.

D

Danbor

Zirkulu itxurako defentsa txikia, gotorleku bateko ateen aurrean jartzen dena.

 

Dorre

Eraikin sendo eta altua, bakartua edo horma-atalen artean integratua, oinplanoan eta altxaeran forma asko hartzen zituen, baina bereziki lau angeluko forma hartuta.

 

Dorretzar

Eraikin handia, gaztelu baten harresiaren gainetik irten dena. Bakartua egon daiteke, edo gaztelu batean sartua.

E

Encamisar

Ikus camisa.

 

Eremu hila

Gotorlekuko inongo puntutik ezin eraso egin zaion hurbilbideko eremua.

 

Errebellin

Kanpoaldeko gotorleku obra, erdizirkularra edo bi alde dituena angelu irtenarekin; horma-atalaren aurrean eraikitzen zen, kontramalkarrak osatutako bi semigolak dituen horma atalaren aurrean, hain zuzen ere. Bastioi bateko horma-atala, sarbideak eta hegalak babesteko aukera ematen du. Ilargi-erdia ere deitzen zaio.

 

Erreboteko tiro

Kanoien bidez tiro egiteko modua; bolbora gutxiago jartzen zen tiroa oso zuzena ez izateko, eta modu horretan bide estaliko defendatzaileei eraso egin ahal izateko. Kanoi bateria bide estaliko linearekin lerrokatzen zen, eta bonbek linea hori jotzen zuten lurzoruan eta parapetoan erreboteak egin eta gero. Vauban izan zen sistema horren asmatzailea, XVII. mendeko azken laurdenean.

 

Eskuila

Haga luzea, mutur batean zurdaz inguratutako zilindro bat duena; tresna horrekin su armen kanoiak garbitzen dira.

 

Ezponda

Harresiko hormen beheko aldean dagoen sendagarria, nahiko makurtua, harresia sendotzeko eta makina erasotzaileak urruntzeko. Halaber, hormen beheko aldean zulaketa lana eta lur azpiko galeriak saihesteko.

F

Fabrika

Edozein eraikin edo horren zatia (harresia, ganga) harriz edo adreiluz egina, kareorearekin. Adobez egindakoak ere horrela deitzen dira.

 

Fortina

Fuerte txikia.

 

Frontis

Eraikin bateko edo beste gauza bateko aurrealdea.

 

Fuerte

Barruti harresitua.

 

Fusil

Su arma, eramangarria, intanteriako soldaduek erabiltzekoa. Arkabuza eta mosketea ordezkatu zituen. Hiru zati ditu: burdinazko edo altzairuzko kanoia, normalean zortzi eta hamar dezimetro arteko luzera duena; tiro egiteko mekanismo bat; eta bi horiei lotuta dagoen kaxa.

G

Gaindegi

Defentsarako gotorleku obra, barnealdean eta gotorleku baten beste batzuen nabarmen gainetik egiten zena. Horretatik, ingurukoak menderatu eta tiro eginez babesten ziren, etsaiak bereganatuz gero. Oro har, besteen gainetik dauden obrak, lubakien ondoan eraikitzen direnak bretxako bateriak bertan kokatzeko.

 

Ganga indartu

Eraikitzean bereziki sendotzen zen ganga, setioko gerran obusek eta morteroek botatako jaurtigaiei eusteko modukoa izate aldera; horrela, hornidura eta munizioa babesten ziren.

 

Ganga

Harmokor lana, edo forma kurboko fabrika, bi hormen arteko aldea -edo ilaran dauden pilare batzuen artekoa- estaltzeko balio duena. Zenbait mota daude, formaren araberako izenak hartzen dituztenak: kanoi-ganga (azalera erdizilindrikoa eta erdi-puntuko arkuko sekzioak dituena); ertz-ganga (hori lortzen da berdinak diren bi kanoi-ganga era perbendikularrean gurutzatuta).

 

Gargola

Xurrutarria, teilatuetatik datorren uraren hustubidea. Batzuetan animalien figurez apaintzen dira, haietako asko fantasiazkoak direla.

 

Garita

Dorre txiki, motza eta barne-hutsa, normalean estalita eta saieterak zituena; zaindariak hor babesten eta defendatzen ziren. Bastioiak zituzten gotorlekuetan agertu eta garatu zen.

 

Gaztelu

Harresiz inguratutako multzoa; horren barnean arma-patio bat egoten da, eta horren inguruan zenbait arete, tartean gutxienez bizileku den dorre bat dagoela. Gotorleku motako eraikina da. Defentsarako beste elementu gehigarri batzuk izan ditzake, esaterako hormak, dorrea, zubiak… eta bizilekua normalean alkazaban edo dorre nagusian egoten zen. Leku estrategikoak defendatzeko eraikitzen zen berez, eta, halaber, pertsonak defendatzeko, jauntxoen boterea ezartzeko, zelatatzeko, eraso egiteko…

 

Gezi-leiho

Horma batean dagoen irekidura luze eta estua, bertatik tiro egiteko. Normalean kanpoaldea zabalagoa zen, eta horrela zuloa txaranbeldua zen. Hitz generikoa da, eta XIX. mendeko gotorlekuetako fusilarientzat ere erabili zen geroago.

 

Glazis

Gotorleku modernoen inguruan dagoen lurraldea; malda suabea zuen eta bertan ez zegoen, ez oztoporik, ez landaretzarik, etsaien hurbiltze lanak zailtzeko. Bide estaliaren ertz-ertzeraino iristen zen.

 

Goarnizio

Gotorleku, gaztelu edo gerra-ontzi bat zaintzen duen tropa.

 

Gola

Gotorlekutik bastioira doan sarrera, edo alboetako angeluen arteko distantzia. Defentsa obra bateko bi alboen muturrak lotzen dituen lerro zuzena, irudimenezkoa parapetorik ez badu.

 

Gortina

Gotorleku moderno baten bi bastioien artean dagoen horma-atala.

 

Gotorlekua

Barruti harresitua: gaztelu bat, ziudadela, eta abar.

 

Graffiti

Aurreragoko jendeak monumentuetan eskuz egindako idatzia edo marrazkia.

H

Habe etzan

Zubi bateko galtzadaren alde estatikoa, altxatzen den zatiaren aurretik dagoena; haraino iritsita ere, ez daga aukerarik gurutzatu nahi den lubanarroa malkarretik gainditzeko.

 

Harlandu

Modu erregularrean eta leunean landutako harrizko bloke handiak, hormak eta harlanduzko arkuak egiteko.

 

Harlanduxko

Harlandua baino txikiagoa den harrizko blokea, tamaina erregularrekoa, baina okerrago ebakia, landua eta doitua.

 

Harlanduzko lan

Harlandu ordenatuekin eta elkarri ongi lotutako ilarekin egindako obra.

 

Harmokorrezko lan

Eraikuntzako sistema tradizionala. Horretan eskuz jartzen dira harriak, bereziki landuak egon gabe (harmokorrak); kare eta harri-koskorrez egindako mortairuaren bidez lotzen zaizkio elkarri. Sendo gelditzeko, haien artean ziri formako harri txikiak kokatzen ziren (zaborrak). Horma eta paramentu asko egin dira teknika hori erabiliz. Harri handienak hormen oinarrietan edo beheko aldean jartzen dira. Batzuetan bi aldeak desberdinak dira, eta kanpoaldekoa landuagoa izaten da. Gotorleku modernoetan errebellinen, kontragoardien eta halakoen golako hormak egiteko erabiltzen dira, hau da, etsaiaren erasoaren arrisku zuzena ez duten horietan.

 

Harresi

Harresia, harrizko edo adreiluzko horma edo pareta, gotorleku baten inguruan kanpoaldetik babesteko egina. Altua izan behar du, erasotzaileak erraz igo ez daitezen bertatik, baita sendoa ere, horien eraso-metodo guztiei eusteko modukoa. Harresiko bi muturrak elkartu eta harresia bere baitan ixten bada, harresi-barrutia deitzen da.

 

Harresitua

Harresiz inguratua do babestua.

 

Horma-atal

Elkarren ondoan dauden bi dorreren edo bi bastioiren artean dagoen horma zatia.

 

Horma-zulo

Hormetan ageri diren zuloak, eraikuntzako aldamioen langa horizontalak edo solairuen zutabeak bertan bermatzeko erabilitakoak.

 

Hornabeque

Kanpoaldeko gotorleku-obra, horma-atal bate lotutako bi bastioi erdik osatua. Tenaza izeneko obren erabilera berbera du, baina sendoagoa da, alboetako aurrealdeek eta horma-atalek elkarri babesten diotelako. Horma-atalaren aurrean errebellin bat jartzen zen.

I

 

Ilargi-erdi

Ikus errebellin.

 

Ingurabide

Erdi Aroko harresien gaineko pasabide jarraitua, haien kanpoaldeko perimetroa inguratzen zuena, eta zaindarien eta tiratzaileen babeslekua zena.

J

K

 

Kalibre

Su-armen barnealdeko diametroa.

 

Kana

Neurtzeko unitatea, 3 oin edo 836 milimetroren baliokidea.

 

Kanoi

Artilleriako pieza, oso luzea bere kalibrerako; balak, metraila edo mota jakin bateko jaurtigai barne-hutsak botatzeko erabiltzen zen.

 

Kanoi-zulo

Harresi, dorre eta kubeteetan egiten zen irekidura, mugikorrak ez ziren su-armen bidez tiro egiteko (adibidez, kanoiak); haien oinarrian edo adarbe eta gaindegian egiten ziren.

 

Kasamata

Oso ganga sendoa, artilleria pieza bat edo gehiago jartzeko egina. Bastioiaren alboan zegoen eta orejoiak babestuta zegoen; horretan artilleriako hainbat pieza zeuden, eta horren helburua zen lubanarroa defendatzea, erasotzailea bertatik igaro ez zedin.

 

Kaserna

Bonben aurkako kanoi-ganga duen aretoa, defentsaren barnealdean egiten zena (bastioian, gotorlekuan…) eta soldaduak bertan egoteko egiten zen, baita elikagaiak, munizioa, eta metrailak ere.

 

Kokaleku

Gotorleku baten kokapen topografikoa.

 

Kokote

Hesi artifiziala, tiro edo kolpe baten bultzadari eusteko moduko altuera eta gorputza dituena.

 

Kontraguardia

Kanpoaldeko gotorleku obra, angelu bat osatzen duten bi aldek osatua; bastioien eta errebellinen aurrean eraikitzen zen, haien aurrealdeak babesteko.

 

Kontramalkar

Malkarraren aurrean dagoen lubanarroan dagoen ezponda-horma, lautadaren aldean, estalitako bidearen ondoan.

 

Kontramina

Aurkariek lur azpian egindako galerien azpian egiten den lur azpiko bidea, lehertzeko edo lur azpian daudela haiei aurre egiteko. Gotorlekuen inguruan lur azpiko sistemen lanak egiten ziren lan horiek aurreratuak izateko.

 

Kordoi

Gotorlekuaren kanpoaldeko parametro guztietan dagoen perimetro-bozela, ezponda antzean egindako hormak eta kanoi-zuloen parapetoak bereizten zituztenak, horman gora igotzea galarazita. Normalean harri ilaretako bat zen —paramentuen gaineko aldetik hurbil zeuden horiek—.

 

Kubo

Edozein gotorleku-dorre, bereziki sekzio zirkularrekoa.

 

Kuxina

Obratik kanpora ateratzen den harlandu zatia, ertzak borobilduak dauzkana.

L

Lehergai-hobi

Minan, zubien oinaldean eta halakoetan egiten den zuloa, bertan bolbora sartu eta leherketa bat eragiteko. Bolboraz edo bonbaz beteriko kaxa; lan batzuen azpian prestatzen da, eta etsaiak hori lurperatua dagoen lurraldeen jabe egin ondoren, sua ematen zaio.

 

Libra

Garai bateko pisu-neurria Gaztelan; 16 ontzatan banatzen zen, eta 460 gramoren baliokidea zen. Aragoin, Balear Uharteetan, Katalunian eta Valentzian 12 ontza zituen, Euskadin 17, eta Galizian 20 —gainera, ontzak ez ziren berdinak herri guztietan—.

 

Lubaki

Lurrean egindako zanga, etsaiarengandik babestuta tiro egiteko aukera ematen duena; gainera, horren bidez, gotorlekuaren aldera gerturatzen dira soldaduak, behin betiko erasoa egiteko.

 

Lubakitu

Kokagune militar bat lubakien bidez gotortu.

 

Lubanarro

Gotorlekuaren inguruan lauden arroila sakonak; gotorlekuari eraso egitea zailtzen dute, eta, gainera, defendatzailearen mugimenduak babesten dituzte.

 

Lubeta

Lur masa, barruti harresitu bateko horma bat betetzeko; edo, bestela, aldez aurretik altxatzen da hori defentsa bat egiteko, gero kanpoaldetik harmokorrez estaltzeko (camisa).

 

Luneta

Bastioi txikia, normalean bakartua. Errebellinen eta bastioien angeluen defentsa babestea eta sendotzea zen bere ohiko erabilera.

 

Luzeka (luzeka ezarri)

Eraikuntzan, adreilu edo harriaren alderik luzeena paramentuko luzeraren norabide berean jarriz egitea horma.

LL

M

Mentsula

Arkitekturako zatia, zenbait moldurarekin profilatua, oinplano bertikal batetik irtena dagoena, eta zerbait bermatzeko edo eusteko bailo duena.

 

Malkar

Plano maldatua, gotorleku bateko gorputz nagusiaren harresia eratzen duena, kordoitik lubanarro eta kontramalkarreraino; edo bestela plano maldatua baina alderantzizko moduan, bide estaliko lurrei eusten dien horma osatzen duena.

 

Merloi

Kanoi-zulo baten eta beste kanoi-zulo baten artean dagoen parapeto zati bakoitza. Bi almenen arteko karelaren tarte betea, adarbean edo dorreetan defendatzailea babesteko. Gezi-leihoak izaten zituen askotan, eta, batzuetan, manteleteak baskulatzeko txubilei eusten zien.

 

Meta

Adar mehez egindako meta, ingeniari militarrek bereziki estaldurak egiteko erabiltzen zituztenak, balta gotorlekuen lubetetako lurra armatzeko ere. Koroa gisa jartzeko, su emateko, eta beste eginkizun batzuetarako ere baziren.

 

Mina

Lur azpiko galeria, gotorlekuetan zabaltzen dena; horren bukaeran bolboraz edo beste lehergailu batez beteriko errekamara jartzen da, su eman eta gero gotorlekua suntsitzeko.

 

Mina-aho

Arku apaldua duen atea, kontraminarako sarbidea dena.

 

Misto

Nahasketa sukoia, sua eragiteko gailu, lehergailu edo argigailuetarako erabiltzen dena.

 

Mortero

Artilleriako pieza, bonbak jaurtitzeko erabilia. Kalibre handikoa eta luzera txikikoa da.

N

O

Obus

Artilleriako pieza, granadak jaurtitzekoa; horren luzera, animaren diametroari dagokionez, kalibre bereko morteroarena baino handiagoa da, eta kanoiarena baino txikiagoa. Gurpilak dituen afuste baten gainean dago muntatuta, erraz garraiatzeko.

 

Oholesi

Ikus zuresia.

P

Paramentu

Horma edo harresi baten aldeetako bakoitza. Halaber, harlandu baten sei aldeetako bakoitza.

 

Parapeto

Lubeta laburra, nagusiaren gainean eratua, landa aldera; soldaduen bularraldea babesten du etsaiaren kolpeetatik. Gotorleku moderno batean, bide estaliko kanpoaldean kokatutako lubeta laburra; soldaduen babesa zen tiroak edo beste zeregin batzuk egin bitartean.

 

Pieza

Ikus kanoi.

 

Plaza edo gotoriekuko pieza

Gotorlekuaren barnealdean kokatutako kanoia.

 

Plataforma

Bastioi baten goiko aldea.

 

Plaza

Harresiak dituen hiria edo gotorlekua.

 

Poliorzetika

Gotorleku bat mendean hartzeko edo defendatzeko teknika eta jardueren multzoa.

 

Poterna

Gotorleku baten bigarren mailako atea, txiki samarra, bertatik oharkabean sartu eta ateratzeko, etsaia ustekabean harrapatu edo indarrak lubanarroan biltzeko.

Q

R

Rasante

Irudimenezko lerro inklinatua, kanoi-zuloak eta glazisa eta beste gotorleku obra batzuk elkartzen zituena; kanoi-zulo horietatik erasotzeko moduko areak markatzen zituen. Gotorlekuak erasotzeko moduko bateriekin gauza bera egin zitekeen.

S

Salba

Su-armen bidez egindako agurra. Kanoikada sorta, jarraian eta balarik gabe, ohore edo agur egiteko eginak. Artilleriako pieza berdin batzuen aldi bereko tiroa.

T

Tiro

Su-armen tiroari ematen zaion norabidea.

 

Tronera

Tronera Irekidura harresi bateko parapetoan edo bateria baten babeslekuan; kanoi-zuloa, segurtasunez eta zorroztasunez tiro egiteko.

U

V

W

Y

X

Z

Zabaldegi

Bide estalitik landa aldera doan gainehera. Harresiaren goieneko aldea, zeinaren gainean almenak altxatzen diren. Fabrikazko zoladura edo langa sendozko egitura, haren gainean bateria bateko kanoi-gurdia muntatzeko erabilia.

 

Zabalgunea

Hin batean eraikin berriak egiteko ezartzen den terrenoa. Terreno horretan egin diren eraikinen multzoa.

 

Zarpeadura

Etxe bateko pareta edo hormei ematen zaien igeltsu, estuko edo beste nahaski batezko geruza, azalera leunagotzeko asmoz.

 

Zeharka (ezarri)

Eraikuntzan: adreilu edo hariaren alde luzeena paramentuko lerroarekiko zut ezartzea.

 

Zehar-saiheska (ezarri)

Adreiluak alboka jarriz egindako obra, bataren aldeak bestearenarekin luzera guztian bat egiteko moduan.

 

Ziudadela

Barruti harresitua, eskuarki hirigune bateko harresi lerroarekin intersekzioan edo haren barrenean jarria, hirigune horren gainbegirale eta azken gerizaleku izateko.

 

Zubi altxagarri

Zurezko pieza, oso sendoa eta zurruna, lubanarroaren gainean kokatzen zena. Etsaiek eraso eginez gero, sistema mekaniko konplexu baten bidez altxatzen zen, poleak, kateak eta kontrapisuak erabiliz. Bertikalki altxatzean erasotzaileak sartzea galarazten zen eta atearen babesa eta defentsa-lana errazten. Zubi etzanen eta gotorlekuen arteko komunikabidea zubi altxagarri baten bitartez egiten zen, etsaien sarrera oztopatzeko.

 

Zulaketa lan

Erasotzaileek aurrera egitea, haiek egindako galeria edo lubakietan barrena, edo mendean hartzen dituzten gotorlekuen babesean.

 

Zuresi

Zoruan bertikalki iltzatutako hesolak; batetik bestera dezimetro erdia unten da, eta ohol horizontalen bidez bermatzen dira. Bide estaliko banketaren gainean kokatzen da, lubakietan edo beste leku batzuetan.